Merinalde Eguna
Abenduaren 27an, “Merinalde eguna” ospatzen dugu. Egun honetan gure Durangaldeko alkateek Gerediagako baseliza aurreko foru zelaian 1875.eko abenduaren 27an egin zuten Merinaldeko azken batzarra gogoratzen dugu. Hurrengo urteko uztailaren 22an kendu zituzten foruak eta gure eskualdeko berezko erakundeak desagertarazi.

Merinalde eguna Astolan. 2004/12/27 (T. Angoitia)
Durangaldeak mendetan zehar izan zuen pertsonalitate juridiko eta politikoa, eskuduntza administratiboak, herri arteko elkartasuna eta gizarte-eskualde hau egituratzeko izan zituen instituzio propioak gogoratzen ditugu.
Eguneko ekintza nagusia hitzaldi edo mahai ingururen bat izaten dugu bertan gure inguruari buruzko gairen bat eztabaidatzeko. Ekitaldi hau normalki Astolako auzitegi etxean edo Gerediagako baselizan izaten da.
Egun honetan “Durangaldeko teila” izeneko omen-saria ematen da. Sari hau urte birik behin ematen zaio Durangoko Merinaldetik kanpoko norbaiti baina bere lanaren bidez lur honekin lotura eta bere alde lan egin duenari. Teila ematerakoan Gerediagatarrok Durangar gisa onartzen dugu pertsona hau eta gure herrikotasuna eskaintzen diogu. Berba baten esanda “etxekoa” egiten dogu.
Lehen urtea 1997.a izan genuen. Urte hartan Gregorio Monreal, gure Durangaldeko foru erakundeak ikertu zituen historiagile naparrak jaso zuen teila. 1999. urtean Pedro Mari Basañez arkitektoa izan genuen omendua, gure eskualdeko kultur ondareen alde egindako lanaren esker-on gisa. 2001. urtean omendu genuen Adrian Zelaia, lege gizona eta foruen ikerlaria, kontutan izanik bera dugula gure Durangaldeko Lege Zaharra ikertu duen bakarrenetarikoa.
Azkenengoa 2004 urtean Karmele Goñiri eman diogu bai Bilboko Euskal Historiaren Museoko zuzendaritzatik, eta leheneago ere, gure eskualdeko ondare etnografikoaren alde egindako lan oparoagatik.
Teila Arabako Olleriaseko Euskal Zeramikako Museoaren sortzaile, zeramista eta zuzendaria den Blanca Gomez de Segurak egin izan du.
