Merinaldeko Ezpatadantzari Eguna
Durangaldea dugu “dantzari dantza” edo “ezpatadantza” izenarekin ezagutzen diren dantzen lurraldea. Dantza hauen jatorrizko lurraldea seguraski zabalagoa izango zen beste garai batzuetan baina XIX. mendeko bukaerako hamarkadetan gure eskualdeko sei herritan bakarrik irauten zuten dantza hauek konkretuki Iurreta, Garai, Berriz, Abadińo, Izurtza eta Mańariako elizateetan.

Ezpatadantzari eguna Elorrion, 2004/10/24 (T. Angoitia)
XX. mendean zehar dantza hauek berpizkunde bat izan zuten “Euzko Gaztedi”ren taldeen eskutik eta gure herrialdeko hainbat eta hainbat tokietara zabaldu ziren dantzari dantza hau osatzen duten 9 dantzak; agintariena, zortzinango, ezpata joku txikia, banango, ezpata joku nagusia , binango, launango, makil joku eta txotxongiloa.
Gerediaga elkartea 60 hamarkadan konturatu zen gure eskualdean berriro dantza hauek galtzeko zorian aurkitzen zirela, eta horregatik lanean aritu zen berriz berreskuratzen herrietako dantza taldeak eta abar. Lan hauen barnean 1967. urteko irailean Iurretako elizatean antolatu zuen lehen “ezpatadantzari eguna”, egun honetan bilduz gure Durangaldea osatzen duten herrietako dantza talde desberdinak. Ondoren jarraitu izan da urtero ospatzen jai hau eskualdeko herri desberdin batetan.
Egun honetan dantza talde desberdinak bildu eta herriko kale desberdinetatik kalejira egiten dute eguna girotzeko. Ondoren dantzari dantza osoa dantzatzen dute eta jarraian herri desberdinetako dantzariekin osatutako soka prestatuz aurreskua edo erregelak dantzatzen dira. Urte batzuetan herriko dantzari zaharrak edo gure floklorearen alde lanean aritutako pertsonairen bat omentzen da. Eguna lagun arteko bazkariarekin bukatutzat ematen da.
