« Itzuli albistegira

“Gernika, mihise gaineko dantzan” antzezlana ikusteko eskaintza berezia

2010-05-06  ¦  gerediaga elkartea

Maiatzaren 8an Durangoko San Agustin Kulturgunean Aukeran Dantza taldeko “Gernika mihise gaineko dantzan” antzezlana ikusteko aukera egongo da arratsaldeko 20:00etan.

“Gernika, mihise gaineko dantzan” antzezlana ikusteko eskaintza berezia

Durangoko bonbardaketaren oroimeneko ekitaldietan parte hartzen duten taldeetako pertsonentzat eskaintza berezia egongo da, sarrerak 7,50 eurotan salgai egongo direlarik.

Sarrerak 10 eurotan saltzen dira publiko orokorrera, Gerediaga, Kriskitin, Berbaro Elkartea eta San Agustin Kulturguneko bazkideentzat izan ezik.

Deskontua eskuratzeko beharrezkoa izango da bazkide-txartela San Agustin Kulturguneko txarteldegian erakustea, arratsaldeko 19:00etatik aurrera.

Ildo nagusia

Lanaren ardatza Gernikak 36an jasandako bonbardaketa da. Piezaren oinarria Gipuzkoako, Bizkaiko eta Zuberoako dantza tradizionalak diren arren, garaikideari ere kuku egiten dio. Bien arteko fusiotik sortutako lan hunkigarri eta borobila da honako hau, non Edu Muruamendiarazek koreografo gisa emandako bilakaera ere argi eta garbi ikus dezakegun. Bonbardaketan hildakoak heriotzatik itzultzen dira, zer gertatu zen kontatzeko. Hondamendiaren aurretik nolako bizitza zuten kontatuko dute, nola erori zen gerraren infernua herriaren gainera, nola birrindu zuen, eta nola, oroimenaren bitartez, jaio daitekeen berriz.