« Itzuli albistegira

“Merioaren ibilbidea: hegaldi bat lehenaldian” ipuinaren aurkezpen antzeztua

2010-04-21  ¦  gerediaga

Gerediaga Elkarteak, ipuin honen argitaratzearekin, “Merioaren ibilbidea” proiektu zabalagoari dagokion lehen pausua eman du, eskualdearen sorrera eta erakundeak ezagutzera emateko. Hurrengo urratsak ibilbidea bera erakusten duen eskuorria argitaratzea eta ibilbidea seinaleztatzea izango dira.

“Merioaren ibilbidea: hegaldi bat lehenaldian” ipuinaren aurkezpen antzeztua

Elkarteak “Merioaren ibilbidea: hegaldi bat lehenaldian” ipuina argitaratu du eta aurkezpen antzeztua, apirilaren 15ean, egin zuen Durangoko liburutegian arratsaldeko 19:00etan hasita. Patxi Zubizarreta ipuinaren egilea eta Patirke Belaza ilustratzailea izan ziren aurkezpenean, Gerediaga Elkarteko kideekin batera. Ekitaldia girotzeko, berriz, Karrika antzerki taldekoek parte hartu zuten. Aurkezpenera hurbildu ziren gaztetxoek ipuina eta merioaren irudia duen mugikorrarentzat galtzerdia eskuratuko zuten.

Argitalpena 60 orrialdetako liburuxka da eta 10-12 urte arteko gaztetxoei zuzenduta dago. Ipuin honetan hamabi ikaslek Durangaldean ibilbide misteriotsua egingo dute, Goiurian hasita, Momoitio, Garai elizatea, Gerediagako foru-zelaia, Astola auzoa, Muntsaratz, Sanagustinetxebarria eta Elorrion zehar.

Hiru mila ale argitaratu dira. Ohiko liburudendetan 8 eurotan salgai jartzearekin batera, asmoa ikastetxeetan lanerako tresna izatea da. Horretarako, bai irakasleentzat eta bai ikasleentzat material didaktikoa ere prestatu da ikasturte berrirako.