Irailaren 12an Izurtzan Ezpatadantzari Eguna izan zen
2009-09-09 ¦ gerediaga elkartea
Joan den larunbatean, irailak 12, Izurtzan XXXVII. Ezpatadantzari eguna ospatu genuen. Egun hau oso garrantzitsua dugu Bizkaiko eta Euskal Herriko folklorezaleen artean, kontutan izanik "Dantzari dantza" edo "Bizkaiko Ezpatadantza" izenekin ezagutzen dugun dantza multzoa, Durangoko eskualde honetako sei elizateetan iraun duela mendeetan zehar, konkretuki, Maņaria, Izurtza, Abadiņo, Iurreta, Berriz, eta Garain. XIX. mendearen bukaeran eta XX. mendearen hasieran esparru geografiko honetatik zabaldu zen Bizkaiko lurraldeetan zehar.
Aurten 17:00etan bildu ziren dantzariak Izurtzako "Azkonizaga" jatetxearen ondoan eta Izurtzako Elizaldera etorri ziren kalejiran. Ohiko argazkia egin ondoren 19:00etan Dantzari dantza dantzatu zen, eta ondoren Soka Dantza dantzatu orduko Izurtzako lehenagoko "Mendigain txiki" zeneko dantza taldeko 10 dantzari omendu ziren. Ondoren ohiko talde guztietako dantzariek osatutako sokarekin soka dantza plazaratu genuen. Honekin plazako ekitaldia bukatutzat eman zen. 21:30ak inguruan, 350 pertsona bildu zuen lagun arteko afaria izan zen pilotatokian. Afalostean erromeria izan zen "Imuntzo eta Beloki"k alaiturik.
Edizio honetan 21 taldek, 168 dantzari,eta 17 musikok parte hartu zuten. Konkretuki Iurretatik 5 talde, Otxandiotik talde 1, Maņariatik talde 1, Berriztik, Iremiņe elkarteko 3 talde eta San Lorenzo elkartetik talde 1, Abadiņotik, Talde batua elkarteko 2 talde eta Iluntze elkarteko talde 1, Durangotik Tronperriko talde bat eta Txoritxu-Alaiko talde 1, Garaiko talde 2 eta Izurtza bertako 3 talde.
Ekitaldia Gerediaga elkarteak antolatu du, Bizkaiko Dantzarien Biltzarra eta Izurtzako udalaren laguntzarekin. Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailaren babesarekin.

