« Itzuli albistegira

Amezuatarrak gogoratuz, maiatzaren 10ean Berrizen

2008-05-12  ¦  gerediaga elkartea

Juan Bautista Amezua jaio zela 250 urte bete ziren apirilaren 4an. Berrizen eta Durangaldeko beste herri batzuetan danbolin-jole izan ziren Amezuatarren lehen oinordekoa izan zen bera. Guztira, bost belaunalditan iraun du Amezuatarren txistu-doinuak.

Amezuatarrak gogoratuz, maiatzaren 10ean Berrizen

Maiatzaren 10ean, arratsaldeko 20:00etan, egin zen herri ekitaldia Amezuatarrak gogoratuz. Berrizko Udalak eta Gerediaga Elkarteak antolatu zuten ekitaldia eta Durangaldeko Txistulari Elkartea, Berrizko Iremiñe eta San Lorentzo Dantza Taldeak eta Bizkaiko Dantzarien Biltzarraren laguntzarekin egin zen.

Berrizko Kultur Etxean egin zen omenaldia, honako egitarau honekin:

  • “Amezuatarrei buruz hitz bi...”: Amezua familiaren biografia laburra
  • “Serafinen doinua airean...”: Serafin Amezuaren txistu-doinua entzun zen. Orain dela hiru hamarkada egindako grabazio batean.
  • “Berrizko dantzariak”: 20ko hamarkadan Manuel Intxaustik Euskal Herriko usadio eta dantzen filmazioak egin zituen Eusko Ikaskuntzarekin elkarlanean. Horien artean, Berrizko dantzariak daude, Amezuatarrak danbolin-jole direla. 4 minutuko grabazioa Euskal Filmotekan kontserbatzen da. Irudi horiek proiektatu ziren.
  • “Durangaldeko herri-koplen kantaldia”: Durangaldeko txistulariek Dantzari-dantzako doinuak jo eta ikus-entzuleen laguntzarekin, doinu horietara moldatutako Berriz, Mañaria eta beste herri batzuetako herri-koplak kantatu ziren.