« Itzuli albistegira

Felipe Urtiaga Berrizko alkatearen hilketaren 70. urteurrena

2007-09-10  ¦  Gerediaga

Bihar, irailak 11, 70 urte betetzen dira Felipe Urtiaga Berrizko alkatea hil zutela. 2005. urtean Berrizko Udalak Felipe Urtiaga Eguren eta frankismoak errepresaliatutako berriztar guztien omenez oroigarria ipini zuen Olakueta plazan. Aurten, Gerediaga Elkartearen laguntzarekin eta herrian sortu berri den Berriz 1936 Gogoratzen Kultur Elkartearen babesarekin, Frankismoaren biktimei gorazarre egingo zaie, 1937. urteko irailaren 11 gogoratuz.

Felipe Urtiaga Berrizko alkatearen hilketaren 70. urteurrena

Arratsaldeko 19:30etan izango da ekitaldia, Olakueta plazan. Dantzarien ekitaldia eta lore eskaintzaz gain, Felipe Urtiaga eta garaiko berriztarrak gogoratzeko berbalditxoa izango da eta Lauaxetaren “Azken oyua” olerkia ere irakurriko da. Izan ere, Esteban Urkiaga “Lauxetak” fusilatzeko itxaroten zegoela idatzi zuen olerki hau 1937. urteko ekainaren 25ean.

Felipe Urtiaga Espainiako II. Errepublikako aginte demokratikoan Berrizko herriak hauteskunde demokratikoetan aukeratutako alkate izan zen. 1931tik 1936ra bitartean, Berrizen hainbat hobekuntza bultzatu zituen: Olakuetako frontoia egin zen, Olakueta plaza berriztu, auzoetan eskola egin ziren, ura etxeetara eramatea ahalbidetu zuen.

Altxamendu militarra 1936. urteko uztailaren 18an gertatu zenean, udaleko ordezkariekin eta herritarrekin defentsa komitea sortu zuen herriaren segurtasuna bermatzeko besteak beste. Frankisten tropak 1937ko apirilaren 25ean herrian sartu zen. Felipe Urtiaga alkatea preso hartu eta irailaren 11n Derioko kanposantuan fusilatu zuten.

Irailaren 11ko ekitaldian, bihar, Felipe Urtiaga alkatea omenduko da. Baina berarekin batera herritar gehiagok ere sasoiko errepresioa bizi izan zuten eta asko izan ziren frankismoaren urte gordinak sufritu zuten berriztarrak. Horregaitik guztiak omentzeko ekitaldia izango da.

Argazkia, 2005. urteko omenaldi ekitaldia. (Iban Gorriti)