Castellano | Euskara

Durangoko Liburu eta Disko Azoka ez da sekula izan, ezta izango ere, inoren proiektu pertsonala. Azoka ez du zuzendariak bakarrik egiten, lan talde osoak baino. Geure ia mende erdiko historian horrela egin izan dugu beharra eta era horretara lanean segitu gura dugu datozen urteetan ere.
Orain dela lauzpabost urte Azoka eredu berri bati ekin genion eta guneak sortzen hasi ziren orduan. Ibilbide honetan, 2011an plan estrategikoa onartu genuen eta horren ondorioz, azken guneak sortu ziren. Hortaz, Azokaren proiektuak norabide bera izango du. Aurreko urteotan urratzen hasitako bideari eutsiko dio Gerediaga Elkarteak, sasoi berrietara egokituta, azokari eutsiz, eta gune guztiak indartuz. Hortaz, koordinazio mahaiak jarraipena edukiko du.
Etorkizunari begira jarraituko du euskal kulturgintzarekin batera Azoka txiki sortu zen hau gure kulturaren erakusleihorik zabalena izan dadin. Honen barruan “Hiri Azoka” azokaren proiektua da, bere plan estrategikoan jasota dagoen legez, eta Gerediaga Elkartearen ametsa ere bai.
Helburu horiek lortzeko, hala ere, sasoi zaila da eta horregatik indar guztiak ondo batuta egon behar direla uste du Gerediaga Elkarteak: elkarlanean jarraituko dugu kultur eragile guzti guztiekin Azoka haundi hau eraikitzen.
Aurtengo Azoka arrakastatsua izan da bisitarien aldetik, milaka etorri dira geurera, baina uste baino galera ekonomiko handiagoa eduki dugu. Hau guzti hau aintzakotzat hartuta, Gerediaga Elkarteak erabaki bat baino gehiago hartu behar izan du eta, euren artean, Aiert Goenagari zuzendari kontratua ez berritzea.
Aiert Goenagak Azokaren eredu berria finkatzen ahalegin handiak egin ditu baina, zoritxarrez, ez du zintzo jokatu Gerediaga Elkartearekin. Elkarte txikia da gurea eta erabaki zaila izan da. Jakitun gara, gainera, euskal kulturgintzan eragin duen kezka handia izan dela baina erabakia errespetuz hartzea eskatu gura dugu eta, era berean, urte luze hauetan erakutsitako konfiantzari eustea nahiko genuke.
Larrasoloeta, 3
48200 Durango
Tel.: 94 681 80 66
Fax: 94 621 80 23
Webgune honek Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikako Sailburuordetza eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza jaso du.