Dantzaroa: Durangaldeko folklore agerraldia
06-11-2009 ¦ gerediaga
Durangaldeak, dantza eta kantu inguruko folklore aberatsa gorde du mendeetan zehar, eta horren adierazpen nagusia, oraindik ere herri batzuetan, agintarien aurrean, egiten diren dantza distiratsuak ditugu.
Andra eta gizonezko arteko dantzak baditugu gure herrietako jai nagusietan: Soka Dantzak, bai mutilak edo bai neskak zuzendutakoak; Garaiko Santa Ana eguneko aurresku nagusia, andre ezkondu batek burututakoa; Iurretan “San Sebastian...” kantuarekin neska gazteak agintzen duten dantza.
Durangon, urriaren 31an ospatutako “Dantzaroa...” izeneko Durango folkloreko agerraldiarekin, gure asmoa, jende askok ezagutzen ez dituzten dantza hauek plazaratzea eta ezagutzera ematea izan da. Bertan parte hartu zuten Durangaldeko herri desberdinetako dantza taldeek.
Ekitaldia arratsaldeko 19:00etan Durangoko alde zaharretik zehar izan zen kalejira batekin hasi zen. 19:30etan Andra Mariako elizpean burutu zuten dantza agerraldia.
Emanaldian aurkeztu ziren Durangaldeko dantzak, zehazki;
-Garaiko Gernikako arbola dantza
-Gorularien estanpa
-Arkudantza
-Domingillo dantza
-Elorrioko errebonbilloak
-Durangoko platilo soinua
-Iurreta eta Garaiko nesken sokadantza
-Dantzari dantza
Azkenik, bertara hurbildu zirenentzat euskal baserri oilasko dastaketa txiki bat antolatu genuen, Zarate- Elexpe Fundazioa eta Eusko Labeleren eskutik.

