Gerediaga Elkartea

Sorrera

Gerediaga Elkartea 1965ean sortu zen. Durangaldearen etorkizunaz kezkatuta, gizon-emakume talde bat elkartu zen kontzientzia komun hau berreskuratu eta indartzeko. Honela, Durango Merinaldeko Adiskideen Gerediaga Elkartea sortu zen. Konkretuki Luis Mari Altzibar Arrinda, Mª Rosario Astola Sertucha, J. Mª Astola Sertucha, Mª Arrate Salazar Sarasua, Vicente Capanaga Tototricaguena, Jesús Astigarraga Eizaguirre, Julian Berriozabalgoitia Bilbao, Carmen Miranda Subieta, Mª Concepción Astola Sertucha, Salvador Solaegui Ispizua, Jose Luís Lizundia Askondo, eta Leopoldo Zugaza Fernández izan ziren talde sortzailea

Gerediaga Elkartea

Astolako auzitegia (E. Rodriguez)

Kontzientzia komun hau berreskuratu nahian Durangaldean oraindik indarrean zirauten ezaugarri kultural eta sozialak zabaltzeko premia ikusi zen. Honez gain, denboraren joanean ahaztuta zeuden beste hainbat ezaugarri errekuperatu nahi izan ziren eta, halaber, eskualdeko erakunde politikoak lehenera ekarri, eskualdeko jendearen nahiak berriro ere bideratzeko.

Gerediaga Elkartea modu berezian antolatu zen. Durangaldearen ohiko egitura berreskuratu zuen eta tokian tokiko delegazioak sortu zituen Durangaldeko antzinako elizate eta urietan. Ordezkaritza honek autonomia osoa zeukan jarduera kontuetan, diru-sarrera eta holakoetan. Ordezkariak, bozketa bidez, Elkarteko bazkideen artean aukeratzen ziren.

Konfederatu itxurako egitura honekin, Gerediaga Elkarteak Durangaldearen ikuspegi zabala izatea lortu zuen. Halaber, talde kultural eta sozial indartsu bat osatu zuen, nortasun handia erdietsi zuena Euskal Herri osoan. Edozelan ere, ez zion muzin egin Durangaldeko herrien ezaugarriei eta egunerokoari.

Urteetan zehar, 1970-80 hamarkada amaitu arte, gure gizarteak pairatzen zuen askatasun eza zela-eta, Gerediaga Elkartea Durangaldean lanean ziharduten talde kultural eta sozialen elkargune bilakatu zen.

Elkargune honi esker, hainbat taldek hartu zuen parte Elkartean: alfabetatze taldeak, ikastolen aldekoak, herri eta auzoetako jai batzordeak, dantza taldeak, antzerki taldeak, e.a. Oinarrizko askatasunak berreskuratu zirenean, talde hauek Gerediaga Elkartetik bereizi eta euren ibilbideari ekin zioten, gizarte demokratiko batean egin beharko litzatekeen moduan. Euskara klaseak AEKn integratu ziren; dantza taldeak, Euskal Dantzarien Biltzarrean eta jai batzordeek edo Geroa bezalako antzerki taldeek euren ibilbideari ekin zioten.

Urteetan zehar

Azken 40 urteotan, 1965. urtetik hona, Gerediaga Elkarteak eta bere kideek presentzia nabarmena izan dute Durangaldeko esparru kultural eta sozialean.

Elkarteko kideen lanari esker, Gerediagak esparru oso ezberdinak jorratu izan ditu, esaterako: eskualdeko ondare historiko, artistiko eta dokumentala berreskuratzen, folklorea errekuperatzen, Durangaldeko iragana ikertzen, Durangaldeari buruzko ikerketak laguntzen eta sustatzen, Durangaldearekin lotura estua duten instituzio eta erakundeen gobernu-organoei laguntzen eta, inoiz, berauetan parte hartzen, eta eskualdeko jendeari gure inguruneari buruzko informazio ahalik eta zabalena ematen.

Honezaz gain, eskualdeko eta probintzia mailako esparruak gaindituz, Gerediaga Elkarteak arrakasta handia lortu du euskal kulturaren munduan. Jarduera bat gailendu da guztien gainetik: Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka, Elkartearen erreferente nagusia bilakatu dena. Ekimen hau Durangaldeko kultur ekintzarik garrantzitsuenetakoa bihurtu da urteen joanean.

Gaur egun

Askatasun zibikoak iristeaz batera, Gerediaga Elkarteko kide askok gune berriak eratzera bideratu zituzten euren egitekoak. Eten moduko bat bizi izan zen, eta Elkartea bertan behera uztea aztertu zen. Makalaldi hartan, ekimen gutxi batzuk baino ez zituen antolatu Gerediaga Elkarteak. Garai zail hau gainditu ondoren, Gerediagak lanari ekin zion berriro ere Durangaldea osatzen duten udalerrietako biztanleen eta zinegotzien eskualdeko kontzientzia zabaltzeko asmoz.

Gerediaga Elkarteak jarraitu egin du hamarkadetan zehar ohikoak bihurtu ziren bere ekintza-egutegiko ekitaldiak antolatzen, esaterako: Merinaldeko Ezpatadantzari Eguna, Ardi Txakurren Euskal Herriko Txapelketa eta Euskal Liburu eta Disko Azoka.

Badira halaber azken urteotan, aipatutako ekitaldiez gain, eta Elkarteko kideen lan isilaren ondorioz ekimen berri aipagarri: herri edo eskualde mailako argitalpenen edizioa, erakusketa historikoak edo artistikoak, herri eta auzoetako argazki erakusketak eta Durangaldeari buruzko ikastaroak edo hitzaldiak. Lan hauek burutzeko kanpotik ikusten ez bada ere, garrantzitsua da halaber elkarte barruan diharduten lan-talde ezberdinek, pazientzia handiz, gure esparru geografikoaren inguruan egiten dutena.

Gerediaga Elkartearen lehendakariak

Igarotako urteetan 7 lehendakari izan ditu elkarteak. Konkretuki:

  • Mª Concepción Astola Sertucha, 1965etik 1967era
  • Balendin Lasuen Solozabal, 1967etik 1972ª
  • Jose Ignacio Alberdi Olabegoia, 1972ik 1978ra
  • Sabino Goikolea Erdoiza, 1978tik 1983ra
  • Antton Mª Aldekoa-Otalora Zamalloa, 1983tik 2003ra
  • Adrian Zelaia Ulibarri, 2003an
  • Nerea Mujika Ulazia, 2004tik