Durangaldea
Durangoko Merinalde zaharrak, Erdi Aroan Durangoko Konterria lez ezaguna, 230 km2 inguruko lurralde bat hartzen du, bere mugak hauek direlarik: iparraldetik Markina eta Busturiako merinaldeak; hegoaldetik Aramaioko Konterri harana; sortaldetik Leintz arroa eta sartaldetik Zornotza eta Arratiako merinaldeak.

Lehenengo mendeetan, 1200. urtean Gaztelako erregeak menperatu arte, Nafarroako Erreinuaren barruan zegoen. 1212. urtean Gaztelako erregeak gure eskualdea oparitzen dio Bizkaiko Jaunari Nabas de Tolosako gudaldian emandako laguntzaren eskerronez. Durangaldeak mendeetan zehar bere bizi propioa egiten jarraitu zuen 1628. urtean Bizkaiko Jaurrerira sartu arte, nahiz eta aurretik ere berarekin hartu-emon sakonak izan. Jaurerrira sartu arren, bere erakunde berezia mantentzen jarraitu zuen.
Merinalde hau hamabi Elizatek osatzen zuten: Abadiņo, Berriz, San Agustin-Etxebarria, Mallabia, Maņaria, Iurreta, Garai, Zaldibar, Arrazola, Axpe, Apatamonasterio eta Izurtza. Durangoko Tabira, Otxandio, Ermua eta Elorrioko uriak, elizateen lurretan sortu arren, ez ziren legez Merinaldekoak, nahiz eta bidegintzan, jabego bako abelgorrien arazoetan eta abarretan parte hartu.
Merinaldea udalen gainean zegoen erakundea zen eta Lehen Mailako Auzitegitik ganera, herrien Amankomunazgo edo Federazgo bat zen. Gaur egun diren Udalen Amankomunazgoentzat eredu bat zen.
Karlisten lehenengo gudatean utzi zion Merinaldeak erakunde izateari eta hirugarrenean berriz berpiztu zen denboraldi labur baten harik eta 1876. behin betiko desagertu zen arte.
Merinaldeak bere egoitzak zeuzkan. Batetik Gerediagako zelaia, bere zuhaitzarekin eta Salbadore Baselizarekin eta Astolako Batzar-Etxea bestetik , biak Abadiņoko Elizatearen barruan.
Gerediagako zelaia zen Batzar Nagusien eta Merinaldeko Teniente-Korregidorearen zin-lekua eta bertan izan zen gure eskualdeko agintarien azken batzarra 1875.eko abenduaren 27an.
Astolako Etxea, jatorriz Zubiaurre izenarekin ezagutua XVI. mendean Durangaldeko 12 elizateek erositako etxea, ohiturazko batzar lekua, Merinuaren bizilekua, Auzitegia eta Merinaldeko presondegia, beraz Lurralde-politikaren Egoitza Nagusia.
Gaur egun, Gerediagako zelaia eta baseliza Bizkaiko Batzar Nagusien jabegoa da eta Astolako Zubiaurre, Batzar-Etxea, berriz Bizkaiko Foru Aldundiarena.
Historian zehar, Durangaldea nortasun handiko eskualdea izan da bere baserrietxe, folklore, euskalkiak eta abar kontuan harturik. Gaur egun ere ondo komunikatuta dago beste lurraldeekin eta bere industria, jarduera kulturala, zerbitzu ezberdinak, kirol guneak eta abar inportanteak dira.
Gerediaga Durangaldeko Adiskideen Elkartearen asmoa, herri arteko batasun gogo hori mantentzea eta bultzatzea da.
